jueves, 19 de enero de 2012

Jakin


 Kellyk jakin nahi du. Jakin eta ulertu, gero ozenki eta gaizki abestuz esan ahal izateko dakiena; bai, gaizki abesten du baina soilik lotsa duena lotsatzen omen da.
 Denok gatoz nonbaitetik, baita Kelly ere. Pertsonalki eta kolektiboki gara, ginen, izango gara zerbait, ez gara ezereza. Bagara. Bizi duguna eta gertatu zaiguna gara bakoitza, izan ginenari gehitutako guztia. Baina guztion izana eta gertatua ere gure parte da, denok ginenetik gara orain garena. Eta zer gara? Nongoak gara? Nortzuk gara? Galderen estetika maite du berak.
 Iraganaren museoan alferrik dira “ez ukitu” hitzak, Kellyk ukitu eta miazkatu nahi ditu museo honetako izkinak. Gure kolektibotasunaren txokoak ekarri nahi ditu zuon zentzumenetara, jakin dezazuen berak dakiena, jakitea gozatzea delako, jakitea askeago izatea delako.
 Beraz, berriro dator eskaileretan gora beste behin ere estropozu eginez. Oraingoan gaztelu ilun batean jolastuko da ezkutaketara, euskaraz bizi zen gaztelu zahar hartara. Garen honetan zerikusirik baduen gotorleku hartara. Suaren argiarekin elkarren aurpegiak ikusten zituzten herri hartara. Errimen jolasa ikusteko suaren argia eta belarriak berotzeko zaldunen ahoetatik askatuko diren txinpartak. Nahikoa zen orain dela 500 urte, nahikoa izango da larunbatean.
 Nafarroa hartako suak gure aurpegiak argi ditzan nahi du Kellyk, sua polita  iruditzen zaiolako eta batzuetan denboran atzera egiteak orainean aurrera egiteko gogoak pizten dituelako barrenetan. Barrenetan sute txikirik ez bazaigu pizten, ez gaudelako hain bizirik izanen da. Piztu suak eta bizi bizitza!