viernes, 9 de diciembre de 2011

Egarria

Gezurra edari bat balitz
ur gasduna
                litzateke.
Maitasuna edari bat balitz
ardo beltza
                 litzateke.
Poza edari bat balitz
txakoliña
              litzateke.
Lasaitasuna edari bat balitz
patxarana
               litzateke.
Indarra edari bat balitz
vodka
          litzateke.
Gorrotoa edari bat balitz
jinebra
           litzateke.
Oreka edari bat balitz
ura
     litzateke.
Konplizitatea edari bat balitz
garagardoa
                  litzateke.
Hausnarketa edari bat balitz
kafea
         litzateke.
Egarria pertsona bat balitz
Kelly
        litzateke.

miércoles, 5 de octubre de 2011

Sartu barrura

 Udazkenean txankletak erabiltzearen plazer aurpegia darabil jantzita Kellyk. Txistua joz zapaltzen ditu alde zaharreko espaloiak, Artibai kaleruntz doa garaje sarrera bat duela helburu. Elkartasun Biltegian nahi du jarraitu txistua jotzen.
 Barrura sartu da nahi duelako sartu zuon barrenetan, kuriositatea du jakiteko nolakoak zareten; oso kuriosa da bera eta. Soilik  ikusteko bertan zerbait badela, zeozer, mugitzen dena, bizirik dagoena.
 Gurak agurtzen ikasten ari da, eta dagoeneko ez da haserretzen batzuetan. Leiho hautsien hilerritik sartutako haizea sakon hartu eta eskukada bat poltsikoan gorde du izateko haizea itolarria duenean.
 Oraingoan begiradatxoak gerizpetik tirokatuko ditu isilgailua erabiliz, eskuarekin moketa laztandu eta begi-belarriak garunera apuntatzen jarriko ditu. Gaurkoan bihotzak salbu dira. Zenbait lagunen bihotz handiak ekarriko ditu, zuenak besarkatu eta aulki jokoan jolasteko. Galtzailerik gabe, noski.
 Sinplea da jolasa, denok gara irabazle txikitasunetik dauden ezlekuetaraino xuxurla bat iristen baldin bada. Gozatzeko bakarrik, nahi duelako, lagunak ikusi nahi dituelako. Etxean.

viernes, 28 de enero de 2011

Berak ikusi zintuen

  Gure begi urduriek bere azala ikusi ez arren, zerbaitek esaten zigun han zela, bere presentzia nabaritu genuen sabeletan. Eta egin zigun seinalea, soilik bera jolas daiteke argindarrarekin ezkutaketara une garrantzitsuenean. Horrelakoa da bera, probokatzailea.

 Eskailera gaineko sotano epelak komunzulo baten eran irentsi gintuen. Gu joaten utzi ginen. Baina gure komuneko tuberiek korrontearen aurkako norabidea daramate, ez gara itsasoratzen, espaloi hutsetan isurtzen gara usain gaitzaten. Eta gau hartan isuri ziren bertso odoleztatuek putzuak sortu zituzten gure oinpeetan, breakdancea egin ahal izan genuen behatz txikiak bustita.

 Guztia bukatu zenean ronetan igeri egiten saiatu ginen, eta orduan ikusi genuen. Ghetto hartako ate ondoan zen zigarro baten ke ostean, txanopetik kliskatu zigun begia eta ulertu genuen begi haren dantza. Pozik zirudien, sentsazio ta sentipenak elkarrekin oheratu zirelako agian. Batek daki, baina bere begiradek begirada asko musukatu zituztela esan zigun, bertsolarienak, rapeatzaileenak, bigarren platera errepikatu zutenenak, komuneko bisitariarenak, epaileenak, izerditu zirenenak, aspertu zirenenak... Guztia begiekin esan zigun noski, hitz gutxikoa baita bera.

 Urtarrilaren 22an Bronxera gerturatu zinetenok ezagutu zenuten, ikusi, ez zenuten bera ikusiko, baina dagoeneko sentitu duzue nolako barne leherketa txikiak sortzeko gai den. Bera da, Kelly da.
Mosu bat bere partez merezi duzuenoi.

lunes, 17 de enero de 2011

Dialectical fight


  Zuhaitzek eta auto aparkatuek ilara paraleloa osatzen dute etxeak estu eta luze diren kalean. Wallace etorbideko etxetxoek bost eskailera dituzte atarian, baita izkinako etxe txuriak ere, Rhinelander kalea gurutzatzen den kilometroan. Iluntzeetan hiriaren besape usaia nabari dezakete eskaileretan esertzen diren gazteen sudurzulo nekatuek, begirada gaiztoek espaloiak zeharkatzen dituzte etorkizun bila.

  Izkina horretako eskilarapean, gauak prosa gordinez izerditzen dira Bronx auzoaren gorputzean, giltzurrun aldean gutxi gora behera. Sotano horretan batzen diren sasikumeen gerriek burdinaren hotza lagun dute, lagun bakar arima zaurituen bilkura klandestinoan. Hitz tirokatuek errealitate ustez urrunen testigantza hurbilak josten dituzte hormako zuloetan. Bitartean crack saltzaileak behin eta berriz jartzen du "fuck the police" abestia, buruek raparen korrontean egiten dute igeri eta belarriek errimak atrakatzen dituzte. Soilik ukabilen talka lehorrak busten dute lurzoru zikina eta une horietan odol zaporea entzun daiteke bozgoragailuetatik. Eskuak airean dituztela adierazten dute plazerrak zainak ferekatzen dizkiela, erritual zaratatsuak film bateko pasartea dirudi baina ez; hemen filmak zuri beltzean dira oraindik. Ametsak bezala.

  Sotano horretako aire kargatu pixkat aurki igoko da Akerbeltzeko eskaileretan gora, aukera bikaina izango da sinonimo trafikatzaileentzat. Ghettotik erditutako bertsoek garunak kolpatuko dituzte K.O. bortitzenen bila, errukiak ez du puntuatuko ring gainean. Kaleko poesia, neurri ta doinuek bahituko dute. Zentzumenak berotzea helburu duen ikuskizun marjinal honetara jendilaje oro izango da ongi etorria.

Only they are words fighting but it likes us, dialectical fight motherfuckers!!!
 
 

jueves, 6 de enero de 2011

Kellyrekin gatoz

  Kelly Braxtonek begiradak begiratzea du gustoko, mundua ikusteko eta ikusia izateko. Begiek inoiz izaten baitituzte ahoek baino elkarrizketa interesgarriagoak. Baina ez da egoten soilik begietatik so, larruazaleko poroetatik ere badaki begiratzen. Eta belarriak eskurik gabe laztantzen. Eta zilborretik hasperen egiten. Eta atzamarrekin usaintzen. Eta ahotik entzuten.

  Kelly bizizalea da ofizioz, errebeldea afizioz, desberdintasunen maitale ta gauen hiletetan txokolatezko napolitana jale. Elikatzen da irriz, gorrotoz, pertsonez, ideiez, maitasunez, egoerez, solomopiper bokatez, ametsez... Baina ase ezin.

  Kellyren lagunak braxtondarrak gara, bere begiradei gorputza jartzen diegun ekilibrista bertigodunak. Gure xedea begiradetan barrena irrist egitea da, eroriz, barre egin eta birao bat bota ostean jaikiz. Norabaitera joateko beti ere, aurrerantz baina besoak erabat zabalduta, bidean den oro ukitu ahal izateko.

  Kellyrekin gatoz eta ez dugu etxera joateko presarik. Aurrez, egin dezatela gorrek dantza mutuek abestutako kantuekin, itsuek argazkiak ateratzen dizkieten bitartean. Horrelakoak gertatu arte sabelean kilimak egiten arituko gara eta sortuko dugun sentsazioa azkazalen luzeraren araberakoa izango da.