viernes, 28 de enero de 2011

Berak ikusi zintuen

  Gure begi urduriek bere azala ikusi ez arren, zerbaitek esaten zigun han zela, bere presentzia nabaritu genuen sabeletan. Eta egin zigun seinalea, soilik bera jolas daiteke argindarrarekin ezkutaketara une garrantzitsuenean. Horrelakoa da bera, probokatzailea.

 Eskailera gaineko sotano epelak komunzulo baten eran irentsi gintuen. Gu joaten utzi ginen. Baina gure komuneko tuberiek korrontearen aurkako norabidea daramate, ez gara itsasoratzen, espaloi hutsetan isurtzen gara usain gaitzaten. Eta gau hartan isuri ziren bertso odoleztatuek putzuak sortu zituzten gure oinpeetan, breakdancea egin ahal izan genuen behatz txikiak bustita.

 Guztia bukatu zenean ronetan igeri egiten saiatu ginen, eta orduan ikusi genuen. Ghetto hartako ate ondoan zen zigarro baten ke ostean, txanopetik kliskatu zigun begia eta ulertu genuen begi haren dantza. Pozik zirudien, sentsazio ta sentipenak elkarrekin oheratu zirelako agian. Batek daki, baina bere begiradek begirada asko musukatu zituztela esan zigun, bertsolarienak, rapeatzaileenak, bigarren platera errepikatu zutenenak, komuneko bisitariarenak, epaileenak, izerditu zirenenak, aspertu zirenenak... Guztia begiekin esan zigun noski, hitz gutxikoa baita bera.

 Urtarrilaren 22an Bronxera gerturatu zinetenok ezagutu zenuten, ikusi, ez zenuten bera ikusiko, baina dagoeneko sentitu duzue nolako barne leherketa txikiak sortzeko gai den. Bera da, Kelly da.
Mosu bat bere partez merezi duzuenoi.

1 comentario:

  1. Bizi al haiz, Kelly? Izerdi, Crack eta erritma bortitzeko akelarre hartatik ez haut ikusi, kabroia halakoa!

    ResponderEliminar